“Inguratzen gaituen indarkeriazko zirkulutik ihes egiteko aukera eman behar diogu gure buruari”

“Inguru egokian hazi nintzen, eta ondo hezi ninduten. Ezkondu egin nintzen, baina ezkondu eta urte gutxira hil zen senarra; beraz, tradizioaren arabera, senar zenaren senide batek jaso ninduen oinordetzan. Gizona alkoholikoa zen, eta behin eta berriz jotzen ninduen”

Sabinak dio, Hego Sudanen ez egon arren, sexu-indarkeria errealitate bat dela Ugandan ere, eta azaldu digu haur bat bortxatzen dutenean eta gurasoek jakiten dutenean, askotan haur hori bortxatzailearekin ezkontzeko ahalegina egiten dutela gurasoek. “Guk guraso horiek kontzientziatu nahi ditugu, neskek etorkizun hobea izan dezaten eta ikasten jarrai dezaten. Edozer gertatuta ere, eskolara joan behar dute”, azaldu digu Sabinak, ‘Sexu- eta genero-indarkeriatik bizirik atera diren adingabeak eta emakumeak babesteko eta haien eskubideak berrezartzeko tokiko sarean’ egiten duten lanaren parte gisa.

“Bizi dugun errealitate hori eraldatzeko gai izan behar dugu, inguratzen gaituen indarkeriazko zirkulutik ihes egiteko eta ikasketei esker etorkizun hobea izateko aukera emateko gure buruari”

Sabinak zenbait biloba ditu, oraindik nerabeak diren alaben seme-alabak. Egoera ekonomiko zaila duten arren, ikasten jarraitzera animatzen ditu egunero. Sinetsita dago hezkuntza dela emakumeentzako armarik boteretsuena indarkeria mota guztien aurrean, eta, hezkuntzarik gabe, oso zaila dela emakumeentzat bizi duten errealitate zaila eta desorekak aldatzea. Sabinaren ustez, funtsezkoa da alabek eta bilobek prestakuntza ona jasotzea, hala, beren herrialdera itzultzean, komunitateko liderrak izan daitezen eta bake iraunkorra lortzeko lan egin dezaten.

“Aholkularitza psikologikoa eskaintzen dugu, eta osasun-arreta eta funtsezko sendagaiak ematen dizkiogu behar dituenari” 

Okello Ugandakoa da, Emescon lan egiten du duela bi urtetik, eta, gaur egun, ‘Genero indarkeriatik bizirik atera diren emakumeak eta adingabeak babesteko tokiko sarearen’ bultzatzaileetako bat da.  

Hego Sudango errefuxiatu askok indarkeria-maila larriak jasan dituzte, sexu-indarkeria barne. Adingabe eta emakume asko bortxatu egin dituzte, edo sexu-erasoak jasan dituzte, eta horietako askok senideak ere ikusi dituzte antzeko egoeretan, edo haiek nola hil dituzten ere ikusi behar izan dute. Bizirik atera diren horientzat, gehienak emakumeak, bortxaketaren eta beste genero-indarkeria mota batzuen ondorioak lazgarriak eta iraunkorrak dira. Horregatik, oso garrantzitsua da osasun-arreta eta laguntza psikologikoa jasotzea. 

“Sentsibilizazio-jardunaldiak ere egiten ditugu, sexu-eskubideak, ugalketa-eskubideak eta indarkeriarik gabeko genero-harremanak sustatzeko” 

Orain arte, kokaguneetan ez da pertsona horientzako berariazko zerbitzurik gaitu. Horregatik, herritar horien beharrei behar bezala erantzuteko, Emesco herriko eragile komunitarioak gaitzen ari da, gizonak nahiz emakumeak, sexu-indarkeriatik eta genero-indarkeriatik bizirik atera direnei eman beharreko babesaren, prebentzioaren eta pertsona horien eskubideak itzultzeko tresnen inguruan.   

Bizirik dirautenentzat eta haien familientzat berdintasunezko eta bidezko harremanak sortzea da estrategia horren helburuetako bat, bai eta sexu- eta genero-indarkeria amaitzea eta etorkizunerako aukera hobeak sortzea ere.