“Osasun-zerbitzuen eta sendagaien eskasia dago”

“Osasun-zentro batzuek egitura desegokiak dituzte paziente kopuru izugarriari erantzuteko. Langileen ohiko lekualdatzeek ere eragina dute zerbitzu egokiak emateko orduan”.  Dudu

Komunitateko osasun-sustatzaileak erreferentziazko pertsonak dira kokaguneetan; izan ere, hezteko, laguntzeko eta osasuna zaintzeko egiten duten lana funtsezkoa da Adjumaniko familien zaintza eta ongizatea hobetzeko, bai eta giro osasungarria sustatzeko ere. 

Adjumanin, osasun-zerbitzuak kolapsatuta daude, errefuxiatuen etorrerak izan duen hazkunde neurrigabeak eraginda. Pertsona horiek, gainera, osasun-arazo fisiko edota psikologiko larriak izan ohi dituzte, ihes egitean eta lekualdatzean jasan dituzten egoera zail eta traumatikoengatik. Egoera horren aurrean, barrutian lehentasuna ematen zaie osasun-arretako zerbitzuei, eta osasun-arloarekin lotutako sustapen-, prebentzio- eta informazio-zerbitzuak alde batera utzi behar izaten dira.  

“Adjumanin, osasun-arazo nagusietako bat kasu larriak ospitalera bideratzeko orduan sortzen da, garraioa oso mugatuta dagoelako, eta sendagaien urritasuna eta hornidurarik eza ere handiak dira. Horregatik, oso garrantzitsua da komunitatea prebentzioaren eta osasunaren esparruetan heztea”. Ruba

Osasunaren arloko prebentzio- eta informazio-zerbitzu horiek indartzeko, komunitateetako pertsonak gaitu dira komunitateko osasun-sustatzaile gisa.  Ruba, Dudu eta Alafi dira Emescon lan egiten duten sustatzaile horien adibide.  

Rubak, Duduk eta Alafik laguntza, prebentzio eta osasun-sustapeneko ekintzak egiten dituzte Adjumanin, batez ere Eleman, komunitateetan prebentzio-jokabideak hartzea bultzatuz, bereziki zaurgarritasun handieneko kolektiboen artean. Hurbileko pertsonak direnez, komunitate, hizkuntza eta kultura berekoak, haien mezuak argiago eta azkarrago iristen dira herritarrengana, hala, tokiko osasun-baliabideak dinamizatuz.

“Hainbat malnutrizio-kasu ditugu, familia batzuek oraindik ez dute letrinarik, eta beste batzuek ez dute eltxo-sarerik malariari aurre egiteko. Lan asko dago egiteko”. Alafi

Sustatzaile horiek, herritarren osasunean eta ongizatean duten funtsezko eginkizunaz gain, komunitatearen barneko partaidetza eta antolaketa sustatzen laguntzen ari dira, beren inguruneak eta bizi-baldintzak hobetzeko. 

Malnutrizio-kasu asko daude, bai haurrengan, bai helduengan. Familia askok ez dute letrina edo eltxo-sarerik etxean, eta horrek zaildu egiten du prebentzioa malariaren edo beste gaixotasun batzuen aurrean. Gainera, putzu batzuk apurtu egin dira eta ez dituzte konpontzen, oinarrizko premia izan arren. Rubaren, Duduren eta Alafiren ustez, horiek guztiak arrazoi sendoak dira antolatzeko eta komunitatearen aldetik hobekuntzak eskatzeko.  Emakume horiek, beren aldetik, irmo jarraitzen dute eguneroko lanean, herritarrak sentiberatzeko eta beren helburuak lortzeko.