“Ikasten jarraitu nahi dugu, gure ametsak lortzeko”

“Dantza egitearen falta sumatzen dut, eta ez daukat hemen horretarako aukera handirik, dantza egitea mugatuta dagoelako. Nire etxearen falta sumatzen dut, nire senideena… Askotan egoten naiz nire herrialdera itzultzearekin pentsatzen”. Aluel

Aluel bere familiarekin iritsi zen Barutukora, 10 urte besterik ez zuenean. Gaur egun oraindik, handik 8 urtera, askotan etortzen zaizkio gogora ume zeneko oroimenak, Jubakoak (Hego Sudango hiriburua).  Hango bizimoduaren falta sentitzen du, eta triste jartzen da nola 2013an berak eta familiak Jubatik alde egin beharra izan zuten gogoratzen duenean.

Esan digunez, 250 km egin behar izan zituzten oinez, mugara eramango zituen ibilgailu bat topatu zuten arte. Gainera, Adjumanira iritsi aurretik, istripua izan zuten bidean, eta zauri larririk izan ez arren, bai istripuak, bai gatazkaren ondorioek eta herrialdean jasandako indarkeriak, eta bai ziurgabetasunak eta bidaian sortutako beste gorabehera batzuek arrasto mingarria utzi dute haren haurtzaroko oroitzapenetan.

"Babesa hartu genuen kokalekuan jaio nintzen ni, eta ez naiz egon inoiz Hego Sudanen; baina gurasoek han bizi ziren garaiko oroitzapenak kontatzen dizkidate”. Poni

Poni, berriz, Elemako osasun-etxean jaio zen, haren gurasoek gune horretara jo baitzuten Hego Sudandik, Kuku tribuko beste hainbat lagunek bezala. Adjumani barrutiko kokalekurik zaharrena da Elema; 1992an sortu zen, eta hango bizilagunak Kuku tribuko errefuxiatuak dira guztiak.  

2008an, aberriratu egin zituzten hainbat bizilagun Ugandako zenbait kokalekutatik Hego Sudanera, baina tribu honetako talde etnikoak uko egin zion aberriratzeari. Izan ere, aterpe-egoera luzatzearen ondorioz, lotura eta sare estuak eta garrantzitsuak sortu dituzte komunitatean errefuxiatuek eta tokiko biztanleek; esate baterako, ezkontza mistoak izan dira, tokiko hizkuntza ikasi dute, etab. Gainera, eskura izan dituzte diru-iturri zenbait eta ekintzailetzako egitasmoak ere. Kokagune horietan gelditzeko aski arrazoi dira guztiak.

Ponik eta Aluelek Elemako eskolan ezagutu zuten elkar, Lehen Hezkuntzako zazpigarren mailan baitabiltza bi neskak. Beren irakasleari, Harrieti, eta ikastetxeko beste irakasle batzuei esker, oso motibatuta daude ikasteko, batez ere Matematikan; bien irakasgairik gustukoena da. Etorkizunean, ekonomialaria izan nahi du Ponik, eta banku batean lan egin nahi du. Aluelek, berriz, sendagilea izan nahi du, eta osasun-etxe batean lan egin: miretsi egiten ditu kokalekuetako osasun-langileak. 

“Nire irakaslerik gustukoena Harriet da; hari esker, oso ondo nabil Matematikan, eta, etorkizunean, bankaria izan nahi nuke”. Poni

"Eskolan geratu nahi dut, eta sendagile izateko ametsa lortu. Asko miresten ditut osasun-etxeko sendagileen taldea eta herrixkakoa". Aluel

Baina, bizi-kalitate eta lan-aukera hobeak izateko biek ala biek ikasten jarraitu nahi luketen arren, mugatua da Bigarren Hezkuntzan ikasteko aukera, ez baitago eskolarik Barutukon eta Eleman, eta, horregatik, bide luzea egin behar baitute ikasleek eskolara joateko. Horrez gain, ez dago gazteei garraioan eta ikasketetan laguntzeko bekarik. 

Egoera hori oso zaila da gazteentzat, baita Aluel eta Ponirentzat ere, oso nota onak atera arren; guraso askok ez dituzte beren alabak eskolara eraman nahi, komunitatean nesken hezkuntzari oso balio sozial txikia ematen zaionez, ezkontza goiztiarrek etekinak ematen dizkietenez, edota neskak etxean lanean edo produkzio-lanetan jartzeak onurak ekartzen dizkietenez.  

 

“Gustatzen zait jolas egitea, baina amari lagundu behar izaten diot eskolak amaitzean, aita aspaldi hil baitzitzaigun”. Poni

Poniri gehien gustatzen zaiona futbolean eta saskibaloian jolastea da, eta sokasaltoan ibiltzea eskolako lagunekin. Baina, eskolak amaitutakoan, amari lagundu behar izaten dio etxeko zereginetan, eta baita diru-sarrerak eskuratzeko dituen proiektuetan ere, ezinbestekoak baitira familiaren oinarrizko beharrak asetzeko eta elikadura-dieta hobetzeko.   

Aluelek, berriz, dantza-talde tradizional batean parte hartzen du; izugarri gustatzen zaio dantza egitea, batez ere, dinka abesti tradizionalak (Hego Sudango talde etniko nagusia). Denbora asko pasatzen du entseguetan, komunitateko ekitaldi eta emanaldietan dantza egin ahal izateko. Zoriontsu egiten du dantzatzeak. Baina hark ere ekarpena egin behar dio familiari ekonomikoki, egunero amari lagunduz.

Adjumani barrutiko kokalekuetan bizi diren neska gazte eta nerabe askoren adibide dira biak; amets eta asmo ugari dituzte, baina jabetzen dira funtsezko zeregina betetzen dutela komunitatearen bizitzari eta ongizateari eusteko orduan. Horixe da beren oraina, baina iragan pertsonal edo familiar batekin lotuta dago; gogortasun, indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriekin lotuta dago askotan iragan hori, eta horregatik egin zuten ihes Hego Sudandik.