“Bizirik jarraitzeko eta salbu iristeko askotariko bideak erabiltzen ditugu”
Jork Mireyiko kokalekuan bizi da, eta 42 urte ditu. 2013an iritsi zen Adjumanira, Nilo Garaiko Jonglei eskualdetik (Hego Sudan), bizi zen komunitateari eraso egin ziotenean. Herren handia egiten du, eta zailtasun handiak eragin zizkion horrek Ugandara ihes egin zuenean.
“Ugandan, ez da inoiz entzuten armen hotsik Hego Sudanen bezala; baina, orain, gu hiltzen ari dena diru-sarrera handiagorik ez izatea da. Ez da erraza janaria eskuratzea”

Jorkentzat, kokalekuan bizitzeak eragin dion zailtasunik handiena ibili beharreko distantzia handiak dira. Oinez ibiltzea kostatu egiten zaionez, bere autoa izan beharko luke batetik bestera mugitzeko, baina, halakorik ez duenez, beti besteren borondatearen mende dago, leku batetik bestera eraman dezaten edo ibilgailua utz diezaioten.
Zorionez, normalean oinarrizko zerbitzuak izaten dituzte kokalekuetan, eta horri esker, bere behar gehienak aseta ditu. Eskolak, osasun-etxeak, elizak, kiroletarako guneak, merkatuak eta zentro komunitarioak dituzte, esaterako. Zentro horiek funtzio garrantzitsua betetzen dute, neurri batean babesa ematen baitiete lekualdatutako komunitateei, Jork bezala egoera ahulenean dauden pertsonei bereziki.
Adjumanira iritsi zenean, 30 bider 30 metroko lursail bat esleitu zioten, Ugaldako asilo-politikak ezartzen duenaren ildotik, lursail horretan etxea egin eta lurra lantzko. Arazoa da 13 seme-alaba dituela hazteko, eta jasotzen dituen laguntzak eta janariak ez dira aski Jorkentzat.
“Nik lan egiten nuen nire herrialdean, baina hemen ez dut egiten. Laguntza humanitarioari esker, bizirik gaude, baina oso urrun dago gure bizimodua aukera eta asmo ugariko bizimodu batetik. Gainera, oso zaila da niretzat laguntza bila joatea, nekez ibili edo joan bainaiteke batetik bestera”

Kokalekuetan, elikagaien banaketa gero eta irregularragoa da, gero eta gutxiago dago, eta gero eta kalitate okerragokoa da. Horrek kalte egin dio elikadura-segurtasunari etxeetan, eta pertsona asko nazioarteko erakundeen ekintza humanitarioaren mende daude. Ugandan, bi aukera dituzte errefuxiatuek: dohaintza horien mende egon, edo langabezia neurrigabea den hirietara joan eta han saiatu, nahiz eta Hego Sudango prestakuntza urriagatik hango herritarrak ez diren oso lehiakorrak hiri horietan.
Zailtasun fisikoak dituen arren eta diru-sarrera duinak emango lizkiokeen lan bat izan nahi lukeen arren, bere kabuz moldatzen eta bere bizimodua ateratzen saiatzen da Jork. Zenbait hizkuntza dakizkienez, itzultzaile eta boluntario gisa aritzen da GGKE batzuekin. Gainera, behar duenean, seme-alabek laguntzen diote, eta astean bi aldiz etortzen zaizkio osasun-zerbitzutik etxera arreta ematera. Emesco eta horrelako GGKEek kudeatzen dituzten zerbitzu horiei esker, bermatua du zerbitzu medikoa, lekualdatu beharrik gabe.

“Nire umeek ikasketetan buru-belarri jardutea nahi dut, arduratsuak izatea, eta nire adinera iristen direnean, nik baino bizimodu hobea izatea”
Jorkek etorkizunean pentsatzen duenean, seme-alabak beren herrialdera itzul daitezen eta ikasten jarrai dezaten nahi du, horrela, bera baino urrunago irits daitezen eta, finean, bizimodu hobea izan dezaten. Esker oneko sentitzen da, haiek ez dutelako mugimendu-nahasmendurik jaso oinordetzan, horrek berak zailtasun erantsi bat adierazten baitu kokalekuetan.
Bien bitartean, Adjumanin bizi da, lagunekin hizketan eta harremanetan. Zenbait hizkuntza dakizkienez, kokalekuan bizi diren kultura askotako pertsonak ezagutzen ditu, eta asko gustatzen zaio bere aisialdia solaskideekin elkarrizketan pasatzea.