“Nire haurdunaldian ondoan erakunde batzuk ditudala jakiteak lasaitu egiten nau”
Gune duela 22 urte jaio zen, Jonglei estatuan; Hego Sudanen 2013an sortu zen gatazkaren ondorio larrienak jasan zituzten estatuetako bat da Jonglei. 5 urte daramatza Elemako kokalekuan. Gaur egun, bere semearekin bizi da, eta haurdun dago, bigarren haurraren zain, 8 hilabeteko.
“Nire haurra jaiotzen denean, uste dut indar handiagoa eta denbora gehiago izango dudala lanerako. Orain, oso zaila da niretzat zenbait gauza egitea”
Gunek bere amarekin alde egin zuen bere herrialdetik, baina banandu egin ziren mugara iritsi zirenean. Oinez egin zuten bide osoa, eta erronka handiena ura eta zer jana lortzea zen haientzat. Ama Ugandako errefuxiatuentzako beste esparru batera eraman zuten, Adjumanitik urrun, eta, harrezkero, egunero sumatzen du haren falta.
Hasieratik, kostatu egin zitzaion kokalekuko bizimodura ohitzea, batez ere harentzat ez delako batere erraza izan mantentzeko lan egonkor bat topatzea. Horregatik, bere seme-alabekin bere herrialdera itzuli nahi luke, ahal denean. Uste du Hego Sudanen Ugandan baino aukera gehiago izango dituela, bai ekintzaile gisa eta bai enplegu bat lortzeko.
“Nire herrialdean, nahiko erraz eskura ditzakezu saltzeko gauzak, eta dirua lortu horrela. Hemen, ikatzaz gain, aukera gutxi ditut”
Ugandan, biztanleen % 90ek egur-ikatzezko sukaldeak erabiltzen ditu, eta baliabide gutxien duen jendea arduratzen da ikatz hori ekoizteaz; Gune da horietako bat. Horregatik, txelin batzuk eskuratzeko eta etxerako oinarrizko gauzak erosteko, ikatza ekoizten du. Basoan ikatza bildu, eta gertuen duen errepidera eramaten du, han saltzeko; baina beldur da basoak gorde eta zaintzeko neurriek eta inguruan sukalde hobeak ugaritzeak bere negozioa hondatuko ote duten laster.
Izan ere, eskualdeko beste herrialde askotan bezala, Ugandan ere, ikatzaren ekoizpenak eragin nabarmena du ingurumenean. Egurra kontrolik gabe biltzeak baso-soiltzeari laguntzen dio; kalkulatzen da urtero 80.000 zuhaitz baino gehiago mozten direla.
“Ura hartzen dut gertuko putzu batean, eta labore batzuk landatzen ditut atzeko patioan; baina ama garenoi eta haurdun gaudenoi erakundeek ematen dizkiguten janari errazioak eta elikadura-osagarriak ere behar ditut”

Gunek benetan nahi duena da baldintza hobeetan lan egitea, egunean hiru aldiz jateko baliabideak sortuz, eta seme-alabak eskolara bidali ahal izatea. Orain, ikatza egiteaz gain, landareak landatzen ditu etxe atzeko patioan. Adjumanin bizitzen jarri zenean gobernuak haren esku jarritako lurrean duen baratzeak aukera ematen dio urte sasoi batzuetan barazki freskoak izateko.
Dena den, GKEek, hala nola EMESCOk, haurdun dagoelako ematen dizkioten janari-errazioak eta elikadura-osagarriak behar ditu oraindik ere, anemia eta desnutrizio handia izaten baitute kokalekuetako emakume haurdunek askotan, elikagaien kontsumoa ez delako orekatua eta ezin dutelako denetarik jan.

“Hemen, ospitalea oso urrun dago, eta ez zaie garraiobiderik eskaintzen haurdun dauden emakumeek haurra izatera doazenean. Zorionez, badaude aholkuak ematen dizkiguten erakundeak, laguntzen gaituztenak, eta lasaitasun pixka bat ematen dit horrek”
Amen, jaioberrien eta haurren heriotza-tasarik handienak dituzten herrialdeetako bat da Uganda. 15 urtetik 49 bitarteko emakumeen % 25 haurdunaldian, haurra izatean edo berrogeialdian hiltzen dira, eta, egin diren kalkuluen arabera, erditu ondoren bizirik gelditzen diren hiru emakumetatik batek fistula obstetrikoa izaten du; erditzean gerta daitekeen lesio larrienetakoa da (erditze-kanalaren eta maskuriaren edo uzkiaren arteko irekigune edo zulo bat da, erditzeko unea sendagilearen tratamendu egokirik jaso gabe luzatzean sortutakoa).
Adjumani barrutian, etengabeko defizita izaten dute ama-haurren osasun-arretarako langile eta zerbitzuetan, eta lekualdatutako pertsonen etorrerak larriagotu egiten du egoera (iristen diren pertsona horietatik % 86 emakume gazteak dira), bai eta kokalekuan egiten duten denbora luzatzeak ere.
Hala eta guztiz, Gunek nahiago du konfiantza izan eta ez beldurtu, hainbat erakunde baititu ondoan eta haien laguntza jasotzen ari baita. Haur osasuntsu bat izan nahi du, eta etorkizun hobe bat, bere seme-alaben ondoan.