Babesari: duintasunari eta bizikidetzari buruzko argazkiak

Ugandako errefuxioa

Erakusketa birtual honek jatorriz Hego Sudangoak diren zenbait iheslariren bizitzarekin, duintasunarekin eta bizikidetzarekin lotutako historiak biltzen ditu. Beren etxeetatik irten zirenetik bidean aurkitu dituzten eragozpenak islatzen dituzte historia horiek, baina, aldi berean, zailtasunak gainditzean, erresilientzian eta borrokan oinarritutako beren esperientziak ere erakusten dituzte. Hainbat lagunen lekukotasunak ezagutzera gonbidatzen zaitugu, Poni, Aluel, Gune, Jork, Sabina, Okello, Geofrey, Ruba, Dudu eta Alafirenak, zehazki.

Erakusketa hau Farmamundiren ekimena da, Emesco erakundearekin lankidetzan garatua eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatua, proiektu honen barnean: “Hego Sudango gatazkaren ondoriozko krisi humanitarioak kaltetutako biztanleen osasun-eskubidea babesten eta gauzatzen laguntzea”

Ugandan, 2021eko maiatzaren 31n, 1.494.505 errefuxiatu daude, hainbat herrialdetatik iritsiak:

Adjumanin, ez dago gune hesiturik ez eta harresirik ere errefuxiatuentzat; tokiko biztanleekin batera bizi dira. Iristen direnean, bizitzeko eta lantzeko lursail bat jasotzen dute familiek, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuak dituzte beren esku, tokiko biztanleen baldintza beretan.

Tokiko biztanleriarekin bat egin eta integratzera animatzen dituzte errefuxiatuak. Horrela, gizarte-kohesioa indartzen da, eta kulturalki askotarikoak diren talde etnikoen arteko harremanak sendotzen dira. Inklusio horrek berdintasunean oinarritutako gizarte bidezkoagoa sustatzen du, zalantzarik gabe.

Aterpea emateko politika integratzaile hori ez da soilik Adjumaniko kontua. Munduko babes-politika eskuzabal eta solidarioenetakoa izateagatik, goretsia izan da Uganda, pobreziak herrialdea astindu duen arren.

Izan ere, munduko herrialde pobreenetakotzat jotzen dira Uganda eta Hego Sudan, eta bizi-itxaropena ere oso txikia da (60 eta 57 urte, hurrenez hurren). Erakusketa honetako errefuxiatuen gunean, Adjumanin, bizi-itxaropena 41 urte ingurukoa da.

Bada nahiko orokortuta dagoen uste oker bat: iheslari gehien hartzen dituzten herrialdeak herrialde aberatsak direla pentsatzen da. Aldiz, datuek argi erakutsi dute baliabide gutxien dituzten herrialdeak direla pertsona gehien hartzen dituztenak.

2019an, aterpetutako pertsona gehieneko herrialdeen artean laugarrena zen Uganda, UNHCR erakundearen arabera, nahiz eta pobrezia-tasa handia duen, eta osasun-sistema kolapsatuta duen, osasun-arazoen ondorio larriengatik: amen heriotza-tasa handia, haurren desnutrizioa, malaria edo GIBa, esaterako.

Hala ere, tokiko biztanleen eta aterpetuen osasun-eskubidea babesteko ahaleginetan ari da herrialdea, eta bere baliabide mugatuak hori bermatzeko estrategia eta ekintzak abiaraztera bideratzen ditu.

Adjumanin gertatzen den bezala, nazioarteko elkartasuna eta ekintza humanitarioa funtsezkoak dira egoera zaurgarrian dauden pertsona eta herri guztien ongizatea eta osasuna ziurtatzeko.

Babes-eskubidea defendatzea, hainbat xedetarako…

Berriro etxe bat izateko

Ongizatea eta osasuna berreskuratzeko

Erresilientzia ikasteko

Elkartasuna agertzeko eta justizia globalean laguntzeko

Babesari, duintasunari eta bizikidetzari buruzko argazkiak

“Ikasten jarraitu nahi dugu, gure ametsak lortzeko”

“Inguruan dugun indarkeriaren zirkulutik ihes egiteko aukera eman behar diogu gure buruari”

“Nire haurdunaldian ondoan erakunde batzuk ditudala jakiteak lasaitu egiten nau”

“Eskasia handia dago baliabideetan, osasun eta sendagaien arloan”

“Bizirik jarraitzeko eta salbu iristeko askotariko bideak erabiltzen ditugu”

“Errefuxiatuek onura ugari ekarri dizkiote komunitateari”